Urriaren 31n, Dizzz eta Saguxar taldeen kontzertuak Kult Parnasoan. DIZZZ Ruben Garatea eta Jon Salinasek osatzen dute, Bilbo Zaharreko auzokideak, eta gerora, lagunak. Azken hilabeteetako arratsaldeak musika egiten eman dituzte, poparen eta rockaren artean beren unibertsoa eraikiz, soinu elektronikoen bidez. Bidean, Magnetik Fields eta Beat Happening bezalako taldeak lotsagabeki plagiatzeko lizentzia ere hartu dute. SAGUXAR ezizenaren atzean Ane Segurola musikari eta ekoizle irundarra dugu. Bere lehenengo lanean, Sei mila urte, hainbat genero zeharkatzen dituen atmosfera propio bat sortu du. Bere konposizioek bere ametsen munduko irudiak islatzen dituzte: letra iradokitzaile eta melodia etereoen bitartez entzulea mundu oniriko batean murgiltzen du. Bere ikuspegi berritzaileak arreta erakarri du Euskal Herriko musika eszenan, hain zuzen ere, euskaraz entzun ohi ez diren hainbat estilo gurera ekarri dituelako, haien artean ambient, dream pop, trance edota elektronika esperimentala.